Listen

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) merkatu guztiek ondo funtziona dezaten sustatzen eta zaintzen du, kontsumitzaileen eta enpresen intereserako. 

Berezko nortasun juridikoa duen erakunde publikoa da, eta Gobernuarekiko independentea; parlamentuaren kontrolpean dago. 2013ko urriaren 7an jarri zen martxan.

Jatorria

Lehiaren agintaritzaren jatorria Lehiaren Defentsa Auzitegian (1964) kokatzen den arren, Lehiaren Batzorde Nazionala (CNC) 2007an sortu zen.

Hainbat erakunde arautzaile sortu ziren sare-industriaren liberalizazioaren, estatu-monopolioen amaieraren eta Europako araudietara egokitzeko beharraren ondorioz.

Horrela, 1995ean Sistema Elektrikoaren Batzorde Nazionala (Energia Batzorde Nazionalaren edo CNEren aurrekoa) sortu zen, eta, 1996an, Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordea (CMT). 2003an, Trenbideen Arautze Batzordea (CRF) sortu zen. 2010ean, Ikus-entzunezko Komunikabideen Estatu Kontseilua (CEMA) eta Posta Sektoreko Batzorde Nazionala (CNSP) jarri ziren martxan; eta, 2011n, Aireportuen Erregulazio Ekonomikorako Batzordea (CREA).

2013an, erakunde arautzaileak eta lehiaren agintaritza bateratu egin ziren, beren independentzia indartzeko eta ziurtasun juridikoa eta erakundeen konfiantza bermatzeko. Horrela, gaur egun martxan dauden sei ikuskapen-organoak integratu egin ziren: Lehiaren Batzorde Nazionala, Energiaren Batzorde Nazionala, Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordea, Posta Sektorearen Batzorde Nazionala, Ikus-entzunezko Komunikabideen Estatu Kontseilua eta Trenbide eta Aireportuen Arautze Batzordea. 

Helburua

Gure helburu nagusia da merkatu eta sektore produktibo guztietan funtzionamendu egokia, gardentasuna eta lehia eraginkorra bermatzea, zaintzea eta sustatzea, baita erregulazio eraginkorra zaintzea ere kontsumitzaileen eta enpresen onurarako.

CNMC parlamentuaren kontrolpean dago, eta horrek haren independentzia bermatzen du eta haren ekintzen ziurtasun juridikoa indartzen du, zeinak Kontseiluak onartutako ebazpenetan islatuta baitaude.

Funtzioak

CNMCk lehia sustatu eta defendatzen du merkatu guztietan, kontsumitzaileen eta enpresen onurarako. Sektore arautu hauek ere gainbegiratzen ditugu: energia, telekomunikazioak, ikus-entzunezko komunikazioak, garraioa eta posta-zerbitzuak.

Egitura

Gure funtzioak bi gobernu-organoren bidez betetzen ditugu: Kontseiluaren bidez eta presidentearen bidez (azken hori Kontseiluko presidentea ere bada).

Kontseilua erabakiak hartzeko kide anitzeko organoa da. Hamar kidek osatzen dute. Gobernuak izendatzen ditu, Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren proposamenez, CNMCren jarduera-arloan ospea eta gaitasun profesionala duten pertsonen artean.

Diputatuen Kongresuko Ekonomia, Merkataritza eta Eraldaketa Digitalaren Batzordeak onartu behar du izendapena. Horretarako, egokia den eta interes-gatazkarik dagoen aztertzen ditu. CNMCko kontseilukideen agintaldia sei urtekoa da, ezin da berritu, eta bateraezintasunen erregimen zorrotz baten menpe dago. 

Kontseiluak Osoko Bilkuran edo Ganberan jardun dezake. Kontseiluko kide guztiek osatzen dute Osoko Bilkura, eta presidenteak zuzentzen du. Alabaina, bi ganberatan banatuta daude: bat lehiaren gaiei eskainia (Lehiaren Ganbera), eta bestea sektore arautuen gainbegiratzeari eskainia (Arauzko Gainbegiratze Ganbera). 

Horrez gain, CNMCk lau instrukzio-zuzendaritza ditu, zeinak presidentearen menpe baitaude: Lehia, Energia, Telekomunikazioak eta Ikus-entzunezkoen Sektorea, eta Garraioak eta Posta Sektorea. Haiei Lehia Sustatzeko eta Barne Kontrolerako Sailak batzen zaizkie.

Funtzionamendua

Gure funtzionamenduak Europar Batasuneko araudia betetzen du, batez ere lehiaren defentsaren arloetan eta energiaren, telekomunikazioen, ikus-entzunezkoen, garraioen eta postaren sektoreetan. Guztiek Batasuneko Merkatu Bakarraren integrazio handiagoa errazteko lan egiten dute. Horrez gain, aldizka lankidetzan aritzen gara Europar Batasuneko beste ikuskapen-agintaritza batzuekin eta Europako erregulatzaileen lankidetza-agentziekin.

Lehiaren Zuzendaritzak Lehiaren Defentsari buruzko Legean zehaztutako instrukzio--funtzioak dauzka esleituta. CNMCko lau zuzendaritzek Kontseiluarekiko modu independentean betetzen dituzte beren instrukzio-funtzioak eta ez dute Gobernuaren jarraibiderik jasotzen.

Zertarako balio dute lehiak eta erregulazio eraginkorrak?

Kontsumitzaile zaren aldetik, saltzaileen arteko lehiak produktu eta zerbitzu anitzagoak, merkeagoak eta kalitate hobekoak bermatzen dizkizu.

Enpresari gisa, merkatuko aukera-berdintasuna ziurtatzen dizu. Horrela, zure negozioaren arrakasta zure gaitasunaren, ahaleginaren eta berrikuntzaren araberakoa izango da, ez merkatu-ahalmen handiagoa duten edo jokabide legez kanpokoetan aritzen diren beste eragile batzuek ezarritako oztopo edo mugen araberakoa.

Herritar gisa, ekoizpen nazional lehiakorragoa, merkatuen funtzionamendu egokia eta araudia betetzea bermatzen dizu.

Nola gainbegiratzen ditugu sektore arautuak?

Merkatu batzuetan, lehiaren defentsari buruzko araudia aplikatzea ez da nahikoa lehia eraginkorra bermatzeko.

Horregatik, sektore arautu batzuk gainbegiratzen ditugu, eta operadoreen arteko gatazkak konpontzen ditugu: komunikazio elektronikoak eta ikus-entzunezko komunikazioa; elektrizitatearen, gas naturalaren eta energia berriztagarrien merkatuak; posta-sektorea, aireportuko tasak eta trenbide-sektorea.

Zer egin dezake CNMCk lehia hobetzeko?

  • Lehiaren aurkako praktikak ikertu eta zigortu, kexen arabera edo bere ekimenez.
  • Merkatu ezberdinetan lehiakortasun-baldintzak hobetzeko gomendioak eman.
  • Enpresen kontzentrazioak edo bat-egiteak baimendu eta haien segimendua egin.
  • Merkatu arautuetan jarduten duten enpresen jokabidea gainbegiratu, sektore ekonomikoen erregulazioa urratzen duten praktiken diziplina-prozedurak izapidetuz eta, hala badagokio, ebatziz.
  • Arauak onartu aurretik, gomendio ez-lotesleak eman sektore publikoari.
  • Lehiaren eta erregulazio eraginkorraren balioak sustatu.
  • Merkatu-batasuna bermatzen lagundu, hala badagokio, aipatutako merkatu-batasun hori defendatzeko administrazioarekiko auzi-errekurtso berezia aurkeztuz.
  • Energiaren, telekomunikazioen, ikus-entzunezkoen, postaren eta garraioen sektoreetako araudien aplikazioa gainbegiratu.
  • Barne-merkatuaren funtzionamendu egokia gainbegiratu eta oztopoak ezabatu Merkatu Batasunaren Legearen bidez.
    Gobernuek egindako araudi-proposamenak gainbegiratu, lehiaren eta erregulazio eraginkorraren printzipioekin bat datozela ziurtatzeko, legearen azpitik dauden araudiak auzitan jartzeko gaitasunarekin.

Lehiaren aurkako ekintza eta praktika batzuk

  • Hainbat enpresak adosten dute prezioan ez lehiatzea, eta modu abusiboan ezartzen dituzte erosketa- edo salmenta-prezio berdinak.
  • Enpresa batek, bidegabeki, prezio desberdinak edo bestelako erosketa-baldintza desberdinak aplikatzen dizkie ondasun edo zerbitzu berdinak erosten dituzten enpresa desberdinei, eta horrek haietako batzuk desabantailan jartzen ditu lehiakideekin alderatuta.
  • Enpresa batek salerosketarekin zerikusirik ez duten betebeharrak onartzera behartzen du eroslea, hala nola lehiakide bati ez erostera eta beste produktu bat erostera.
  • Enpresa batek bidegabeki ezartzen ditu salmenta-eremu esklusiboak bere banatzaileentzat.
  • Enpresa batek edo gehiagok artifizialki oztopatzen dute merkatuan lehiakide berriak sartzea.
  • Administrazio batek merkatu-batasuna urratzen edo oztopatzen duten arauak edo ebazpenak ematen ditu.

Nola aurkez dezaket salaketa bat?

Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, nazional edo atzerritarrek aurkez dezake salaketa CNMCk gainbegiratzen dituen sektore arautuetako lehiaren edo araudien aurkako praktikak hautemanez gero.

Idatziz aurkezten da eta CNMCren erregistroan entregatzen da. Zehaztasunez deskribatu behar ditu ustez lehiaren edo erregulazio sektorialaren aurkakoak diren jokabideak, erantzuleak identifikatu behar ditu, eta eskuragarri dauden frogak eman behar ditu. 
 

Egoitza elektronikoa

Informazio hau erabilgarria izan da?